eu | es
BATU GAITEZEN
Konpromisoak partekatuz
BATU GAITEZEN ekimenak elkartzen gaituen gizon-emakumeok bi printzipio dauzkagu:
giza eskubide guztiak errespetatzea eta euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea bultzatzea.
BATU GAITEZEN ekimenaren aburuz, oraingo Eusko Jaurlaritzak ez dio begirunerik Euskadiren berezitasunari, alegia, euskal nortasun politiko, ekonomiko eta sozialari. Euskadi nazio bat da eta Espainiarekiko harremanean ezin da haren menpeko izan.
BATU GAITEZEN ekimenaren arabera, egungo krisialdian funtsezkoa da euskal erakundeen lidergoa gure egitura produktiboari eutsi eta aurrera eragiteko eta herri gisa atzerakadarik ez jasateko. Euskaldunok, gipuzkoarrok, jokoan dugu orain arte lortutako kohesio eta justizia soziala iraunaraztea.
Horregatik guztiagatik, egoera honi aurre egiteko gogoeta-saio bati ekingo diogu GIPUZKOAKO herritarrekin.
BATU GAITEZEN ekimenari atxikitzen gatzaizkionak honako konpromisoak partekatzen ditugu:
Konpromisoa giza eskubide guztiekiko errespetuarekin eta konpromisoa Euskal Herria badela aitortzearekin nahiz bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidearekin. Gure iritziz printzipio hauek ditugu biharko Euskadi eraikitzeko oinarri etiko eta politikoa.
Konpromisoa bakearekin eta indarkeriara jotzea gaitzestearekin. Bakerako ezinbestekoa da ETAk indarkeriari uko egitea. Baina, horrez gain, beharrezkoa da ongi hartzea bide demokratikoetan barna soilik ibiltzearen alde egiten duen proposamen politiko oro. Pentsatzen dugu sistema demokratikoa indartu eta bakea sendotzen lagunduko lukeela Alderdien Legea indargabetu eta ezker abertzale tradizionala legeztatuko balitz. Bakea eta bakezkoak egitea guztion eginkizun dira.
Konpromisoa gure Herriaren aurrerapenarekin eta nortasunarekin. Euskadik atzerakada politiko, ekonomiko eta soziala nozitu du PSE-EE eta PPren Eusko Jaurlaritzak eraginda. Beharrezkoa da erantzun bat ematea euskal gizartearen borondateari begirunerik ez diotenei, euskal berezitasuna desegin nahi dutenei eta Espainiaren bilakaerari lotuz gure garapen ekonomikoa eragozteko asmotan dabiltzanei.
Konpromisoa Euskadi solidario eta zuzenaren alde. Egungo egoera ekonomikoan inoiz baino beharrezkoagoa zaigu erakundeen lidergo argia. PSE-EE eta PPren Jaurlaritzak ezagun du ez duela ezer egiten eta ez dela gai krisi ekonomikoaren irtenbideari heltzeko. Euskadiko erakundeek beharrezkoa dute kudeaketa berezia eta eraginkorra, Euskadi herri aurreratu eta solidario egiteko gizarte-justiziaren ikuspegitik.
Konpromisoa lankidetzarako guneak partekatzeko. Giza eskubideen errespetuaren oinarriarekin eta euskal gizarteak duen erabakitzeko eskubidearen printzipioarekin bat egiten dugun alderdi politiko eta eragile sozial guztiok betebehar bat daukagu: elkarlanerako guneak topatzea gure gizartearen gogo zabala bideratzeko eta Udaletxe, Aldundi eta, aurrerago, Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan, PSE-PP frentea nagusitzen ez uzteko.
Konpromisoa euskal erakundeekin. Euskal erakundeen egitekoa funtsezkoa dugu Euskal Herriaren identitatea defenditzeko. Ezinbestekoa da euskal erakundeei babes ematea eta Euskadiren interesen aldeko jarduera instituzionala berreskuratzea.
Konpromisoa hitza euskaldunei emateko. Euskal Herria eta honen erabakitzeko eskubidea onartua izan dadin lortzea, ongizate eta kohesio sozialari eustea bermatuko digun autogobernuaren tresnak edukitzea, ez da soilik alderdi politikoen eta erakundeen zeregina; irizpide hauekin bat gatozen gizon-emakume guztioi dagokigu eginkizun hori gauzatzen ahalegintzea. Geure etorkizuna geure esku nahi dugu eta behar dugu, gure geroaren egile izanez.
Konpromisoa elkarrekin lan egiteko, gogoz lan egiteko eta zintzoki lan egiteko.
Hona BATU GAITEZEN ekimenaren bultzatzaile garenontzat iparrorratz diren balioak.
2010eko urria